XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Isilpeko konturik ere izan da Ostatu zahar honetan, eta ez gutxi.

Gaurko gaztetxoenek ezagutu ere ez dute egin horrelakorik, eta hobe gainera hala.

Pasatako kontuak izango dira, baina ez hain zaharrak.

Espainia aldean bazen agintari bat, agintea berak bere buruari betirako emana zuena, eta haretxen menpe berrogei urte luze igaro behar izan zuen Herriak.

Francisco Franco Bahamonde zuen hark graziarik batere gabeko bere grazia, baina haren izena aipatzerik ere ez zegoenez lausengurako ez bazen, noski PATXI TXIKIA, PATXI ZAHARRA, PATXI DEMONINUA eta halako beste mila ezizenez izendatzen zuten Ostatu honetako bilera ezkutuetan.

Kalean eta agirian esan ezin zitekeena esatea bezalako pozik ez zen garai haietan.

Bada, Patxi zahar hori azkenetan zegoela uste baino azken luzeagoa izan zuen, halere ezkutuko bilera horietako bat izan zen Ostatuan.

Lau lagun ziren, laurak bertsozaleak, eta Agintari Demoniozkoaren azkenari buruzko solasa izan zuten lehendabizi.

On Seberiano ere tarteko zen, noski, eta aurki zuten Herriaren egoera, askatasunik eza hizketagai.

- Hemen irtenbide bakarra dago, esan zuen bilerako gazteenak aurretik Carrero bidali zen bezala bidaltzea Patxi zaharra ere.

- Zaude isilik, gizona, erantzun zion apaizak bide horretatik ez dugu ezer konponduko.

Borroka egin bai, baina inor hil gabe.

Hori agintzen digu eta kristau bideak.

- Ba ote? Esango nuke apaiz guztiak ere ez zatoztela horretan bat....

- Zer esan nahi duzu? - Badakizu zuk ondo, zer esan nahi dudan.

Hor Zamora aldera eraman dituzten apaiz horiek ez dut uste denak ados egongo liratekeenik zurekin....